Betiereko, Elizarentzak

eliza


Frogarik gabe ondasunak bere izenean jartzeko aukera kenduko dio Espainiak Elizari. Pribilegioa galduko du, baina jada erregistratu dituen ondasunek haren izenean jarraituko dute. Milaka dira Hegoaldean. «Amnistia» dela salatu dute.

Paper bat aski izan du: elizgizon batek agiri bat egin ondasuna Elizarena dela esanez, eta haren izenean jarri dute Jabetzaren Erregistroan. Frankismoko lege batean izan du oinarria jokabide horrek, Hipoteka Legean. Eliza katolikoak milaka ondasun erregistratu ditu, apenas inor ohartu gabe. Nafarroan soilik, 1998tik 2007ra, 1.087 finka. Espainiara hedatu da oihartzuna, batez ere Kordobako meskita Elizak erregistratu duela jakitean. Bukatu da. «Beste garai batzuetan gaude. Elizak ez ditu eduki behar pribilegio horiek», adierazi du Gonzalo Ordoñez PPko diputatuak. Legea aldatu dute, eta Elizak ezingo ditu ondasunak eskuratu frogarik eduki gabe. Aurrerantzean. Elizaren esku segituko dute jada lortu dituen ondasunek.Espainiako Kongresuak onartu zuen aldaketa orain bi aste. Senatutik igaroko da orain, eta Kongresuak emango dio azken baiezkoa. Ezusterik ez da izango, PPk gehiengoa baitauka. Bide luzea izan da, urtebetekoa, eta PPk berak ere aldatu ditu puntu batzuk; proposatu zuen Elizari urtebeteko epea ematea ondasunak immatrikulatzen jarraitzeko, baina atzera egin du azkenean. Ezingo du halakorik egin aldaketa aldizkari ofizialean argitaratu orduko.Kostata iritsi da aldaketa. Zortzi urte dira Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma sortu zutela. Protestak egin dituzte, eta udalei laguntza eman diete auzitegian. Gizartea ohartarazi dute. «Hau, finean, gizartearen arrakasta da: PPk ere aitortu du pribilegioak zeuzkala Elizak». Iritzi publikoa ados dagoela nabarmendu du Carmen Urrizak, abokatu eta plataformako idazkariak: «Inork ez du dudarik Elizak Francoren lege bat erabili duela».Lege zaharraren arazoa

Gaia alde juridikotik aztertzeko, 1946an jarri behar da begirada, frankismo hasieran. Ondasunak immatrikulatzeko aukera eman zioten Eliza katolikoari Hipoteka Legean, erakunde publikoen pare jarrita: bere buruari ziurtagiri bat egitearekin aski zuen. Muga bat zeukan legeak: gurtzarako tokiak ezin ziren erregistratu. Traba hori 1998an kendu zuen Espainiako Gobernuak, Jose Maria Aznarren garaian: aukera eman zion Elizari parrokiak, ermitak eta horrelako eraikinak ere immatrikulatzeko.

Ez zen ia inor ohartu. Trantsizio garaia hartu du ahotan Urrizak. Frankismoa amaituta, lege aldaketak egiteko epe bat ezarri zuten. «Frankismo garaitik zetozen legeak inpugnatzeko epea 1980an amaitu zen, eta inork ez zuen inpugnatu Hipoteka Legea». Indarrean jarraitu du, hortaz, «nahiz eta oso agerikoa den Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela».

Bereziki bi artikulu urratuko lituzke Eliza katolikoari emandako pribilegioak: hamalaugarren artikulua —«espainiarrak berdinak dira legearen aurrean»— eta hamaseigarrena —«Estatuak ez du bere egingo ezein erlijio»—. Frantziako eredua da: laikotasun legea indarrean da 1905etik. Publikoak dira gurtzarako tokiak; administrazioak kudeatzen ditu.

Eliz agintariak ohartu dira, bai, Espainiako legeen aukeraz, eta erregistratu dituzte ondasunak han eta hemen. Nafarroan bakarrik dauzkate datuak; parlamentuak eskatuta eskuratu zituzten. Gainerako herrialdeetan ere egin dituzte eskariak, baina ezezkoa ematen ari da Madril. Kasuak ez dira Nafarroakoak soilik, halere. BERRIAk orain hiru urte frogatu zuen Gipuzkoan ere egin dituztela immatrikulazioak. 1998 aurretik ere bai, zeharkako modu batekin: ezin zituztenez gurtza tokiak erregistratu, haiek dauden orubeak jarri zituzten gotzaintzaren izenean. Donostiako katedrala eta Koruko Andre Mariaren basilika dauden lursailak, adibidez, immatrikulaturik dauzka Elizak —basilika, 1983an, Jose Maria Setien gotzain zela; katedrala, Jose Ignacio Munillarekin, 2012an—. Litekeena da Hegoaldeko beste herrialdeetan ere halako kasuak egotea, baina ez dago daturik, gobernuak ez dituelako eman nahi.

Elizak berak ere ez du xehetasunik eman nahi izan immatrikulatu dituen ondasunei buruz. Argudioa du «gogoratu ezin diren garaietatik» izan dituela jabetza horiek, nahiz eta orain arte paperetan ez diren hala agertu. Kritikei erantzun die «segurtasun juridikoagatik» erregistratu dituela, dirua irabazteko xederik ez duela —egia da, hala ere, bere izenean zeuzkan ondasun batzuk saldu dituela—. Lege aldaketari buruzko iritzia eskatu dio BERRIAk Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzari, eta ez du erantzunik jaso.

Parlamentari nahikorik ez

Horrelakoei atea itxi die Espainiako Kongresuak, baina ez dago pozik Urriza. «Arazoak hor segitzen du: Elizaren esku jarraitzen dute ondasun horiek». Hipoteka Legea aldatzeak alde horretatik kaltea ere eragingo duela ohartarazi du: «Lege aldaketa indarrean sartzean, ezin izango da helegiterik jarri immatrikulazioak ahalbidetzen dituen artikuluaren aurka». Elizari «amnistia» emango diote.

Plataformak ahalegin berezia egin du Hipoteka Legearen artikulu hori Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko. Ezin du helegitea jarri bere kabuz, eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko 50 parlamentariren babesa eskatu du —gutxieneko kopurua da Konstituzionalera jotzeko—. «Gutun bat bidali diegu artikulua kentzearen eta ondasun horiek ez berreskuratzearen eraginaz. Aurretik Konstituzionalera jotzeko eskatu diegu». Babesa agertu diete talde batzuek, baina ez denek. Ez dira 50 bildu. «Epearen arazoaren atzean ezkutatu dira. Eskuak lotuta utzi gaituzte».

Frankismoko legeei helegitea jartzeko epea amaitua dago, baina, aldi berean, egia da batez ere azken urteetan erabili duela Elizak Hipoteka Legeko pribilegioa. Alegia, epemuga gainditu ostean.

Beste aukera bat ere bada: erkidegoetako legebiltzarrek jartzea helegitea. Orain bi aste izan zuten aukera hori hizpide Nafarroako Parlamentuan. Ez zen aurrera irten, PSNk atzera egin zuelako; eskaria tramitatzearen alde bozkatu zuen bozeramaileen batzordean, baina bilkuran abstentziora jo zuen, helegiteak aurrera egiteko aukerarik ez lukeela eta. «Auziaren oinarria bidegabea da; arrazoi dute hori salatzen ari direnek, zinez. Baina helegiteak ezertarako ez luke balioko», ohartarazi zuen Juan Jose Lizarbe bozeramaileak. Madrilen, jarrera bera du PSOEk. Plataforma minduta dago sozialisten jokabidearekin: «Esan du ahal duen guztia egingo duela ondasun horiek berreskuratzeko. Eta hori nola egiteko asmoa du?».

Europara jotzeko aukera

Gaia Konstituzionalera eramateko beste modu bat aipatu dute sozialistek: epaile arrunt batek arazoa azaltzea auzitegiari. Bide makala litzatekeela uste du Urrizak: «Ondasun batzuk berreskuratu ahalko lirateke, baina ez denak». Ohiko justizian eragozpen handiak dituzte Eliza salatzeko. Batetik, frogak behar dira: «Helegitea jartzen duenak du frogatu beharraren karga. Elizak aski izan du berea dela esatea». Bestetik, denbora arazo da: «Immatrikulazioa inpugnatzeko hamar urteko epea dago erregimen komunean, eta hogeikoa foru erregimenean. Askotan, epe hori bukatua dago».

Ixtera doa prozedura: Elizak ez du aukerarik izango ondasunak bere izenean jartzen jarraitzeko, eta aurkakoek ezingo dute auzitara jo. Europara begira daude. «Hipoteka Legeko lardaskeria ezagutzen dute», nabarmendu du Urrizak. Ez du argitu nahi izan zehazki zer urrats egingo dituzten. «Prestatzen» ari direla soilik.

Bien bitartean, gizartean lan egin nahi dute, zer gertatu den lau haizeetara zabaltzen. «Jendeak jakin behar du hau». Babesa biltzen ari dira pixkana, baita Elizaren inguruko taldeetatik ere. Redes Cristianas plataformak bat egin du —hor daude Hegoaldeko talde batzuk—. Alderdi politikoei ere egin diete eskaria: auzitara jo ezean, onar ditzatela gaitzespen adierazpenak, zer gertatu den salatzeko. Eusko Legebiltzarrari aurkeztu diote azken eskakizuna.

Berria, 04-12 2015

Comentar

Su dirección de correo electrónico no será publicada.Los campos necesarios están marcados *

*

De acuerdo con lo establecido por el REGLAMENTO (UE) 2016/679 DEL PARLAMENTO EUROPEO Y DEL CONSEJO de 27 de abril de 2016 relativo a la protección de las personas físicas en lo que respecta al tratamiento de datos personales y a la libre circulación de estos datos y por el que se deroga la Directiva 95/46/CE (RGPD), el usuario queda informado y presta su consentimiento a la incorporación de sus datos a un fichero del que es responsable Plataforma de Defensa del Patrimonio Navarro – Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma con la finalidad de llevar a cabo los programas contratados, informarle sobre los productos y servicios solicitados, así como el envío de comunicaciones comerciales sobre los mismos. Le informamos también sobre sus derechos de acceso, rectificación, supresión, limitación del tratamiento, oposición y portabilidad de los datos, que podrá ejercer en info@plataforma-ekimena.org. Los datos personales suministrados no serán cedidos ni comunicados, ni siquiera para su conservación, a terceras personas.